Ongietorri GureGipuzkoa webgunera

Zer da GureGipuzkoa?

GureGipuzkoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuko proiektua da eta  Gipuzkoa 2.0 plangintzaren barnean txertatzen da. Gipuzkoa 2.0 ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007-2011ko Kudeaketa Planean kokatzen delarik,  hiru jarraibide hartzen ditu bere baitan:

  • IKTBen bidezko sozializazio sistematikoa (digitalizatzea, sustatzea eta hedatzea).
  • Gipuzkoaren ondarea mantentzea eta zabaltzea.
  • Kultura industriak sustatzea.

Halaber, euskararen presentzia eta erabilera arlo guztietan bizkortzea azpimarratzen du eta Gipuzkoa 2.0 da Kudeaketa Planaren giltza.

Bere funtzio nagusia erabiltzaile soilak, argazkilariak, erakunde publikoak zein mota guztietako taldeak iraganean eta orainean sortu dituzten argazkien biltegi eta erakuslehio izatea da, XIX. mendean hartutakoetatik, XXI. mendetik egungo ingurune digitalera arte. Baina oinarrian irudien biltegi soila izatetik haratago doan tresna baten hastapena da, bere bitartez erabiltzaileen eta Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren elkarlanean oinarritutako harreman berriaren islada izan nahi du, elkarlan honen bitartez Gipuzkoaren iraganeko eta orainaren irudi bizia sor dezagun.

Zer eskaintzen du GureGipuzkoa webguneak?

Lehenik eta behin Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren pean dauden argazki bilduma, milaka irudi eta baliabide grafiko anitzei ikusgarritasuna eskaintzea eta bermatzea. Aldi berean, Creative Commons lizentzien bitartez, berauk modu ireki eta aske batean Gipuzkoa gai nagusi harturik herritarrei erabiltzeko aukera eskaintzea.

Aldi berean, eta argazki bildumen kudeaketa gure eskuetan dagoen kasuetan, bildumei trataera berezia eskaintzen diegu. GureGipuzkoaren hastapenean Indalecio Ojanguren eta Sigfrido Koch argazkilarien bildumak ziren eskuragarri jarri genituenak. Digitalizazio lanek aurrera egin ahala, beste argazkilarien bildumak ere partekatzeari ekin diogu. GureGipuzkoaren hastapenetan, Foru Aldundiaren pean dauden agiritegietako langile eta teknikarien lanari esker, Indalecio Ojanguren eta Sigfrido Koch bildumak eskuragarri jartzea lortu zen. Digitalizazio eta katalogatze lanetan aurrera egin ahala, Juan San Martin bilduma gehitu da eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera sinaturiko lan hitzarmen bati esker Jesus Elosegi bilduma 2010ko ekainean Kutxaren Fototekako bere bildumako 5000 argazkiz osaturiko  hautaketa batekin baetra erakutsi genituen.

Nola erabili dezaket?

GureGipuzkoa.net atarian erregistratzerakoan, Gipuzkoarekin erlazioa duten argazki eta irudiak biltegiratzeko tresna eskura izango duzu. GureGipuzkoa.net-en zure argazkiak kudeatzeko txokoa duzu eta bertatik zure edukiak bildu, partekatu, bernahastu eta Gipuzkoa eta mundu osoari ireki ditzazula gonbitea luzatu nahi dizugu.

GureGipuzkoa.net-eko erabiltzaile komunitateari kalitatezko zerbitzua bermatze aldera, oinarrizko erabilpen arau eta baldintza batzuk ere ezarri ditugu.

Bildu, partekatu, bernahastu… zabaldu.

Dakiguna gure aurretik izan zirenei zor diegulako, GureGipuzkoa.net atarian aurkituko dituzun edo zure txokoan gordeko dituzun edukiak Creative Commons Aitortu – Partekatu lizentziara atxikitzen dira. Argibide gehiago erabilera arau eta baldintzetan aurkituko dituzu.

Nere datu pertsonalak sekretuak al dira?

Bai, GureGipuzkoak zure erabiltzaile datu pertsonalak ez dizkie beste erakunderi utziko. GureGipuzkoako kideek beraien burua ezizen batez ezagutarazteko aukera dute, beraien datu errealak (izen, abizenak,…) ezkutuan gordeaz.

GureGipuzkoak ez dizkie datu hauek beste inori emango (baldin eta legez hala derrigorturik ez badago edo funtzionamendu teknikorako beharrezkoa ez bada). Erabiltzaileen datu pertsonalak ez dira inondik inora helburu komertzialetarako erabiliko.

GureGipuzkoa.net Datu Protekzio Legea (LOPD 15/1999) betetzea derrigortua dago eta hau betetzeko prozedura administratibo eta teknikoak indarrean jarri ditu.

Zeintzuk gara?

GureGipuzkoa.net webgunearen garapenaren arduradunok Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuarekin batera elkarkidetzan lanean dihardugun langile, sustatzaile eta teknikariez osaturiko lan taldea gara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere eskuetan dituen argazki bilduma eta edukiak Gipuzkoako herritarren eskura jartzeko ekimenean partehartzaile izateak lan horretan aurrera egiteko gogo eta ilusioak ematen dizkigu. Berauk modu errez batean erabiltzeko aukera izateko ahalmena herritarren eskura uztea lortzen badugu, ez da izango ez, ahuntzaren gauerdiko eztula!

Gipuzkoako entitate sozio-kulturalek eta herritar soilek beraien egunerokotasunean hemengo edukiak erabili, partekatu, bernahastu eta irekitzea gonbidatu nahiko genituzke.